Astelehena, 2021, Uztaila 5 - 19:00Astelehena, 2021, Uztaila 5 - 21:00

“BATUZ ALDATU”, Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala.

Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen normalizazioa du xede nagusi. Horretarako hizkuntza politiketan eragiteko proiektuak eta proposamenak lantzen ditu besteak beste. Hizkuntza politiketan eragiteko euskalgintzatik haragoko eragileekin lan egiteari garrantzia berezia ematen dio, euskararen gaia eta bere garapena gizarteko alor guztiak ukitzen baititu. Azken urteetan Euskalgintzaren Kontseilua buru belarri ibili da hizkuntza politiketan eragiteko proposamenak lantzen gizarteko eragile ezberdinen ekarpenak kontutan hartuz.

Ekainaren 19an parte hartze prozesu baten emaitza irudikatu zen Donostiako Kursaalen eta 100 eragilek bat egin zuten Batuz Aldatu proposamenarekin.

Gerriko Kultur Elkartea eta Maizpide Euskaltegia Euskalgintzaren Kontseiluaren bazkide dira hasieratik eta prozesu honetan ere parte hartu dute.

Hizkuntza politikak behar beharrezkoak dira gure hizkuntzak garapen osoa izan dezan eta orain egin dugun proposamenak hizkuntza politikek zein norabide izan behar duten eta zein adarretan kokatu behar diren zehazten du.

Adostasuna ez da soilik izan euskalgintzako eragileen artekoa; osasun munduko eragileak, juristak, industria munduko enpresak, kooperatibak, gazte mugimenduak, kirol taldeak, kultur eragileak, hezkuntzako eragileak, mundu digitalekoak edo hedabideak...parte hartu dute. Urrun joan gabe, nabarmendu nahi ditugu Ordizia Rugby Elkartea eta Beasaingo Andramendi Ikastola, bat egin eta Kursaaleko ekitaldian izan baitziren. 

Datorren astelehenean, uztailak 5, guzti honen berri emateko solasaldia antolatu dugu. Bertan Gerrikoko kideok egoteaz gain, Ordiziako Rugby Elkarteko kideak ere egongo dira haien testigantza emateko eta Euskalgintzako Kontseiluko Idazkari Nagusi Paul Bilbaok proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu.

Animatu zaitez eta zatoz zeu ere ekarpena egitera!

Hizlariak: Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko Idazkari Nagusia, eta Igor Eguren, Ordizia Rugby Elkarteko Kudeatzailea.
Goierriko 17 lagun elkartuak.
Aipatutako kontu batzuk, labur:
Adostasuna helburu. Adostasunetik euskararen erabilera erosorako baldintzak lortu nahi ditugu.
Herrigintza, herri gogoa behar da, baina Hizkuntza Politika ere bai, askotariko eragileak elkarrekin politiketan eragiten. Eragile guztiek dute zeresana euskarari buruz.
Oinarrizko dokumentuarekin bat egin duten geroz eta eragile gehiago dauzkagu.
Arloz arlo estrategiak prestatu, lehentasunak markatu eta konpromisoak hartu: zer egin dezakegu elkarrekin?, eta nola? Galdera horiek erantzunez egingo dugu bidea.
Ordizia Rugby Taldean, adibidez, euskararen gaian kontzientzia hartu eta jarrera aktiboa daukate. Horregatik, entrenatzaile guztiak euskal hiztunak dira eta baita fisioak eta delegatuak ere. 
Edukia partekatu: