Astelehena, 2019, Martxoa 18 - 00:00Ostirala, 2019, Maiatza 31 - 00:00IRAKURRI,GOZATU ETA OPARITU! Kultur egitasmo honen helburu nagusiak irakurzaletasuna sustatu eta euskarazko literatura ezagutaraztea dira. Euskaltzaleen TOPAGUNEAk koordinatu eta herrietako euskara elkarte edo Euskara Zerbitzu eta Liburutegiek antolatzen dute, herriko liburu denden laguntzarekin. Martxoaren 18tik maiatzaren 31ra bitartean gauzatuko da. Liburu dendetan erosketa-txekeak ekainaren 16ra arte erabili ahal izango dira. AZALPEN LABURRA: Udal liburutegian, maileguan harturiko euskarazko liburu bat irakurtzearen truke, irakurleak erosketa-txeke bat jasoko du liburutegian bertan. Txeke horrekin, irakurleak, hitzartutako liburu dendatan, nahi duen beste liburu bat %35 merkeago erosi ahal izango du. apirilean parte hartu dutenen artean egin dugu 30 €ko erosketa-txekearen zozketa eta Jeronimo Alvarez de Eulate, Maizpide Euskaltegiko ikasleari egokitu zaio. Eskertzekoa da euskara ikastera Lazkaora etortzen direnek ere kanpainan parte hartzea. Barnetegira etortzen direnak lazkaotartzat hartzen ditugu, hemen dauden bitartean, eta beren ikasketa prozesuan, eskolaz kanpo, herriko ekintzetan parte hartzen dutenean, besoak zabalik hartzen ditugu. Horixe izan da Jeronimoren kasua ere. Adinean aurrera eta beren lanetatik erretiratutako pertsonez osatutako taldean aritu da euskara ikasten, martxoan eta apirilean. Irakasleak IGO kanpainaren berri eman, parte hartzera animatu eta gustura aritu omen zen talde guztia euskarazko liburuak irakurtzen: “Esnearen kolorekoa” (Nell Leyshon), “Ostegunak” (Jon Arretxe), “Arotzaren eskuak” (Alberto Ladron Arana) … irakurri dituzte taldean. Eguneroko bizitzan euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez zutenak, zaletu egin dira. Euskaraz ere irakurri eta gozatu egin dezaketela deskubritzea polita izan da beraientzat. Jeronimo, iruindarra bera, ekainean etorriko da bisitan eta saria jasotzera Lazkaora eta, orduan, aukeratuko ditu, berak irakurtzeko nahiz oparitzeko, nahi dituen euskarazko liburuak. Zorionak Jeronimo! eta zorionak Maizpide Euskaltegi-Barnetegiko ikasle eta irakasleak! Kanpaina ez da bukatu eta parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Bigarren zozketa ekainean egingo dugu, aurtengo kanpaina bukatutakoan. Irakurketa on!!! GERRIKO Kultur Elkartea GERRIKO liburu denda Lazkaoko Udala Euskaltzaleen Topagunea
Edukia partekatu: